XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Betainak, ostera, azetilkolinaren modura jokatzen du, zentru inhibitzailea kinaturik, eta beraz, kolore argiagoa erdietsirik.

Gainera, odoleko faktoreok ez dira espezifikoak izaten, zeren espezie argi eta ilunen arteko odol-transfusioek kolore-aldaketak sortzen bait dituzte.

Kromatoforoak edukitzeak, hondoko koloraziora moldatzea posibilitatzen du, kripsia lortzen delarik.

Normalki, ilunagoak izaten dira alde dortsaletik, igeriketarako kamuflaia egokia izanik.

Nerbio optikoen aldarazpenak kromatoforoen kolore-aldaketak murrizten ditu, baina zeharo ezabatu gabe; hala ere, jadanik ezin dute hondoko kolorazioa lortu.

Garroetako kopadurak erauzten direnean, animalia argiagoa egiten da.

Besteak beste, estimulazio orokorrak eta kitzikaberatasunak kromatoforoen iharduera emendatzen dute, erantzun emozionalak eragiten dituztelarik.

Koleoideoen artean, bioargikortasuna agertzen da sarritan, batez ere ur sakonetako espezieetan.

Argia, animaliak berak sort dezake ehun fotogenikoetan, edo bestela, bakterio sinbionte argikorren bidez.

Bakterioak tegumentuan edo guruin nidamentarioetan kokatzen dira; Heteroteuthis sepioideoaren kasuan, barrunbe palealera deskargatzen duen organo batetan egoten dira, eta, animalia kitzikatzen denean, hodei argikor bat jaurtikitzen du.

Bioargikortasunaren esangura ez dago argi.

Batzutan, janaria edo bikotekidea erakar dezake; bestetan harrapakariak uxa ditzake, edota, zenbait kasutan, itsasoko sakonera ilunetan higitzen diren zefalopodoen bidea argi dezake.

8.1.5 / Elikabideak.

Besoak erabiltzen dituzte harrapakinak eskuratzeko; besook muskulatura konplexua dute, xehetasunik txikerrenak ere kontrolaturik daudela.

Nautilusen besoek ez dute kopadurarik, baina itsaskorrak dira jariakin batzuri esker.